:: PERTSONAIAK
Joxemiel Barandiaran Aierbe (XX) : Antropologoa eta etnologoa.
1889ko abenduaren 31n Perunezarre baserrian jaio eta 1991ko abenduaren
21ean Sara etxean hil zen 102 urte egiteko hamar egunen faltan.
Apaiz ikasketak Gasteizko Seminarioan egin ondoren 1914an ordenatu
zuten. Bere lan haundienak historiaurreko leize eta aztarnategiei
buruzko ikerlanak izan ziren: Aitzbitarte, Santimamiñe, Lezetxiki,
Urtiaga, Altxerri, Ekain, Aralar, … Euskal Herriko gizakiaren
jatorriaz hainbat ikerketa egindakoa. Mitologia arloan erabat galtzeko
zorian zeuden ohitura, sinismena, leienda eta kontu zaharrak jasotzen
eta biltzen saiatu zen. Horri esker ezagutzen dira gaur egun. Haren
lanetariko batzuk: Eusko Mitologia (1924); Euskalerriko leen gizona
(1934); Antropología de la población vasca (1947).
Bizitzan zehar egindako lan guztiak OBRAS COMPLETAS izeneko liburukietan
aurki daitezke.
Espainiako Gerra Zibila sortu zenean Iparraldera ihesi joan beharra
izan zuen. Berehala itzuliko zen itxaropena bazuen ere, agintarien
fitxan “ideas judeo-masónicas y rojo-separatista”
salaketa zuela jakin zuenean, etsi eta Iparraldea miatzen eta aztertzen
ihardun zuen eten gabe.
Aldizkariak sortu, materiala bildu eta taldelanaren bultzatzailea
izan zen. Eusko Ikaskuntza elkartearen lehendakari.
Bizitza osoan egindako lana eskertzeko, Euskalerrian eta kanpoan
ere makina bat omenaldi, domina, goraipamen eta oroigarri jasotakoa,
bai erakunde eta elkarteengandik, baita herritarrengandik ere. Hamaika
ikastetxe, kale, plaza, liburutegi, eta eraikuntza publikok bere
izena dauka.
Hainbat unibertsitateko “doctor honoris causa”. Euskara
eta euskalgintzaren bultzatzailea.
Berak zioenez, 64 urterekin zahartuta itzuli bazen ere Atauna, harrezkero
bai indusketan eta baita ikerkuntzan ere lan asko egin eta argitaratu
zuen.
San Martin Txiki: Mitologiko edo benetako
den ez dakigun pertsonaia miresgarria. Musiko kobatik, Jentilei,
garia, zerra eta beste hainbat aurrerapen eskuratu eta ekarri omen
zizkiguna.
Pedro Ortiz Telleriakoa (XVII) : Ataun
herri izatearen alde egin ahalak eta bi egin zituena. Lazkaoko Etxearekin
maiz ibili zen auzitan, herritarren eskubideak zaintzearren.
Frantzisko Imaz Altolagirre (XVIII):
Zumalakarregi generalaren osaba. Katalunyako eta Mallorkako Tabako
-Errentaren Administratzaile Orokor izan zen.
Felipe Altolagirre Zufiria (XVIII): Erregeren
kontseilari eta Indietako Kontatzaile Orokor.
Migel Dorronsoro Zeberio (XIX): Karlistada
garaian Diputatu nagusi eta historiagile. Lanbidez eskribau.
Miguel Imaz Apalategi (XX): (1873-1925)
Donostiako eraikuntza nagusienen egile: Maria Cristina Hotela, Justizia
Jauregia, Zurriolako Zubia, Kursaal Kasinoa, Victoria Eugenia Aretoa,
Pasealeku Berria, etabar.
Eraikuntza hauen egilea izateak, Donostiako hirian eta gizartean
arrakasta eta sona haundiko gizona bihurtu zuen
Juan
Arin Dorronsoro (XX): Ataungo historia, toponimia eta etnologia
biltzailerik haundiena. Bere lanak “Eusko Folklore”,
“Ikuska” eta “Eusko-Jakintza” aldizkarietan
argitaratu zituen. Clero y Religiosos en Ataun (1964) liburua idatzi
zuen.
Manuel Apalategi Zurutuza (XX): lrakasle,
idazle eta misiolaria. Zeruko Argia, Irugarren Prantziskotarra eta
Boletin del Instituto Americano de Estudios Vascos eta beste aldizkari
batzuetako zuzendari eta sortzaile izana. Argentinan bizi izan zen
berrogei urtez.
Jexux
Etxeberria Arrondo (XX): Euskalerriko antikuariorik handiena
izan zen. 114 bilduma baino gehiagoen jabea. Bere herriko zaharkinekin
sentsibilitatea haundia zuen eta bere bizitza guztian Euskalerriko
gauzak bertan gel zitezen ahalegindu zen. Amerika eta Europan entzute
handiko zaharkin bildumatzailea.
|