
Ongi etorri Ataungo Udalaren web orri honetara.
Alkatetza honetatik eta baliabide berriek eskeintzen diguten bitartekoz,
gure herria gertuagotik ezagutzeko aukera eskeini nahi dizugu. Bertan,
bizimoduan aurrera egin nahi duen herri batekin topatuko zera. Jentilen
garaitik gaurdaino bere nortasunari eusten eta garaian garaiari
egokitzen jakin izan duen herria. Udalerri dinamikoa eta berritzailea
ezagutuko duzu, proiektu garrantzitsuak garatzen eta betetzen murgilduta
dagoena. Etorkizunari sendo aurre egiteko eta herri txiki batek
luzaro bizitzeko eskatzen duen egitasmo, azpiegitura, baliabide
eta zerbitzu ugari prestatzen ari dena.
Athavit, Athagun, ... ATAUN (ate haundi?) mundu osora zabaldu
nahi dugu, eta gure herriko izenarekin lotuz ate haundiena erabili
eta ireki nahi dugu gure herriak eskeintzen duena zabaltzeko bazter
guztietara.
Ataundarra non nahi aurkitzen dela gure arteko esaunda zaharra
da. Gure herritik kanpora bizi zeraten ataundarrok ere, hemendik
aurrera, herrian zer egiten den gertuagotik jarraitzeko aukera izango
duzue.
Ataun.net orri honek ordea badu beste asmo eta helburu garrantzitsu
bat ere: herritarroi, Udaleko informazioa gertuagotik jarraitzeko
aukera eskeintzea. Sartu, begiratu eta nabigatu. Udal zerbitzuen
gida kontsulta dezakezu, Udalak dituen proiektuen berri jakin, Herrian
antolatzen diren ekimen nagusiei buruzko informazioa jaso, …
eta ez izan zalantzarik zure iritzi eta iradokizunak azaltzeko.
Web orri hau, Udala eta herritarron arteko harreman tresna izateko
jaio da.
Eta bukatzeko, Ataun ezagutzen ez baduzu, bixita gaitzazun gonbidatu
nahi zaitut. Jentilen herria, mitoak bizirik dauden lurra, Aralarren
magalean natur inguru paregabea. Zatoz eta goza ezazu, merezi du!
Ondo hartuak izango zarete.
Bittor Oroz Izaguirre
Ataungo alkatea
|