Belarsorta
kableak, menditik baserrira egurra, orbela eta nagusiki belarra ekartzeko
aidezko garraiobide harrigarri hau oraindik bada hainbat lekutan.
Oso herri gutxitan garatu zen. Ataunen berriz, bereziki indar eta
estimazio haundiko sistema izan zen. Gaur egun belarretarako soilik
erabiltzen da.1996an egindako ikerketa lanean, 197 kable inbentariatu
ziren; hauetatik, gaur, 32 daude zutik eta 17 besterik ez dira erabiltzen.
Ataun
Agauntza ibaiak eta bere ibaiadarrek egin duten haran estu bat da.
Bertan, oso distantzia laburrean altuera desberdintasun bortitzak
deskribatzen dira. Ataun San Martinen dagoen Udaletxea 190 m.ko
altueran dago eta inguruko mendiak 800 eta 900 m.ko altuera dute.
Beraz, orografiaren arabera altura diferentzia nabaria da. Aipa
ditzakegu: Arantzamendi 783 m.rekin, Atxurbi 770 m.rekin, Aitxu
968 m.rekin, e.a.
Nekazal lur egokienak eta lauenak ibai inguruan daude. Ibai eta
errepidetik urruntzen den heinean malda agertzen hasten da, mendietako
hegaletan hainbat eta hainbat baserri dauden auzo txikiak eratuz.
Baserrietan familia handiak hazten ziren eta denen laguntzarekin,
eskulan ugaria aprobetxatuz, soro eta belardi sail handiak erabiltzen
ziren.
Pixkanaka-pixkanaka
lehen sektorea beste sektoreak bezala hurreratzen hasten da eta,
nolabait ere, lana erraztera jotzen da; hau da, eskulana murriztera.
Baserriak transformatzen hasten dira eta espezializazio baten barnean
sartzen hasten da. Baserriko lana errazteko asmoz indartu zen lan
tresna da KABLEA. Nekazal produktuen garraio sistema nagusia izatera
iritsi zen Ataunen, bertako aldapa handiak aprobetxatuz.
Aipatu bezala, Ataunen baldintza fisikoak eta baserriaren ustiapen
sistemak ondo egokitu ziren kableari esker.
Kablearen sorrera garbi zehaztea oso zaila da, baina esan daiteke
1920ko hamarkada inguruan hasi eta 1930eko hamarkadan zabalduriko
lan tresna dela kablea.
Baserriko
lana errazteko asmoz sartu zen garraio sistema da kablea. Garai
haietan Ataungo mendi eta hegaletan ez zegoen biderik. Baserritarrek
baserriko produktuak kabaileriaren bizkarrean edota beraien bizkar
gainean garraiatzen zituzten. Lur sail handiak lantzen ziren. Gehienetan
laboreak eta belarra zen nagusi. Gurdibiderik ez izatean, baserritarrak
oinezko bidetik ibili behar zuen, oinez bi eta hiru ordu pasatuz
zenbait lekutara iristeko. Ondoren, handik belarra, garoa edo beste
edozein gauza ekarri nahi bazuten, zaldiekin ekartzen zuten. Nola
bestela?
Hau dena aurrez esan den bezala herriak duen orografia zailari
loturik dago, orografia maldatsua eta aldapatsua baita.
Baserriak mendien magalean aurkitzen zirenez eta direnez, kableak
jartzeko ez zen inongo arazorik izan. Kableak duen baldintza bakarra
da, bota behar den tokia iritsi behar duena baino altuago egotea.
Modu horretan, erraz garraia zitezkeen nekazal produktuak, basoko
egurra, e.a.
Hasieran
aipaturiko urte horietan, 1920ko hamarkadan, industriaren garapenak
eta teknologiaren aurrerapenak baserri munduari sistema eta materiale
berriak eskaintzen dizkie; adibidez, kablea. Baina aldi berean eskulana
kentzen hasiko zaie eta, horren ondorioz, erreztasun bila, kable
sistema, erantzun egokia izango da eskulana murrizteko eta lana
erosoago egiteko. Urte hauetatik aurrera izugarrizko kable pila
jarri zen eta baita bere inguruan ofizio bat sortu ere.
Informazio gehiago: Ataungo Udalak, II. Ataun Aztergai Bekaren
barnean Lourdes Altunak egindako “Kablea Ataunen” liburuan.
Lan honetan, kablearen historia, motak, elementuak, egungo egoera,
eta bere inguruko gai ugari jorratzen dira. Izandako eta dagoen
kable guztien inbentarioa, noiz jarriak izan diren, luzaerak, hizkera,
planoak, argazkiak etabar aurkitzen dira.
|