| Larruntza multzo hidraulikoa Ataungo
San Gregorio auzoan kokatzen da Agauntza eta Lauztierreka ibaien
urak jasoz. Bi errotak, burdinola, zerrategia, zentral hidroelektrikoa
eta elementu hauek mugitzeko beharrezkoa den azpiegiturak -bi presa,
bi ubide, bi aldaparo, etab.,- osatzen dute 6 mendeetan zehar martxan
egon den konplexua.
Epe luze honetan, ordea, ez dira denak batera funtzionamenduan
egon, historian zehar bakoitzaren garapena eta erritmoak oso desberbinak
izan dira: errota, errota eta burdinola, errota eta errotatxoa,
turbina eta zerrategia.
Errota,
burdinola baino zaharragoa da. Burdinola errotaren infraestrukturaz
baliatuz ezarri zuten. Errotaren lehenengo aipamena 1408koa da eta
burdinolarena 1489koa. Era berean, burdinolaren bizitza motzagoa
izan zen eta 1697 aldera erabiltzeaz utziko dute, nahiz eta errota
eta errotatxoa martxan jarraitu. Errotatxoa bere erabilpenarekin
jarraituko du XX. mendearen hasierarte, momentu horretan ura turbinaren
tutuarekin kanalizatzen zuelarik. Turbina 1929an eraikitakoa da.
Hortik aurrera funtsaz aldatuko du eta ehoketa gelditu ondoren makinaria
aroztegi eta zerrategirako egokituko dute.
Ataungo ondarea berreskuratu eta zaindu nahiean, azkeneko urte
hauetan Udal honek, Larruntza errota eta bere inguruan ekimen ugari
burutu ditu.
1998an eta 1999an auzolandegiak burutu ziren ingurua garbitu eta
txukunduz. 2000an Errotatxoren zati bat berritua izan zen. 2001ean
Aranzadi Zientzi Elkarteari ikerketa arkeologikoa egiteko agindu
zitzaion eta azkenik 2002an Larruntza multzo guztiaren erosketa
burutu zen Udalaren esku geldituz bere jabetza.
Kontutan hartzen badugu Errota Nagusia aipatzen den lehen dokumentua
1408. urtekoa dela, pentsa genezake sei mende hauetan zenbat gauza
gerta ote diren. Epe luze honetan, halabaina, ez dira egun aurkitzen
diren produzio-gune guztiak aldi batera funtzionamenduan egon, historian
zehar bakoitzaren garapena eta erritmoak oso desberdinak izan direlarik.
Une honetan Errotatxoko zerrategia eta kanal guztiaren eraberriketa
proiektua aztertzen ari da Ataungo Udala. Bestalde Joxemiel Barandiaran
eta Euskal Mitologiaren inguruan lantzen ari den proiektuan garrantzi
haundia ematen zaio Larruntza multzo honi etorkizunerako oso elementu
garrantzitsua bihurtuko delarik.
|