300
koba eta leizezulotik gora daude katalogatuta Ataunen. Horien artean,
duela 5.000 urteko gizakiaren aztarnak dituztenak ugari dira: Usategi,
Limurita, Pikandieta, Kobazar, Armontaitz etabar. Espeleologiazaleentzat
aukera haundia.
Troskaetako koba Ataungo koba ezagunenetakoa da. Kilometro bateko
luzeera du eta amaieran lakutxo batean amaitzen da. Duela 20.000ren
bat urteko "Ursus spelaeus" izeneko hartzen bizitoki edo
hilobi izandakoa. Aurkitutako bi hartzen hezurdurak Donostiako Zorroaga
Museoan daude.
Sarastarriko koba Sarastarri mendiko pagadian, gailurretik ez oso
urruti, Lareoko urtegiaren gain aldean dago. Elementu erakargarriena
barruko putzu edo “osina” du. Hego Euskalerriko kobazuloetan
aurki ditzakegunen artean ederrenetakoa. Sarastarriko Anderearen
kondaira mitologikoa bertan kokatzen da.
Trikuharri edo jentilarriak ere ugari dira. Aipatzekoa babestu
asmoz beraien inguruan burutu den seinalizazio berriaren kanpaina
Aranzadi Zientzi Elkartea Foru Aldundia eta Ataungo Udalaren eskutik.
Estazio megalitiko asko daude Aralar guztian. Ataungo lurretan azpimarratzekoak
batez ere, Ubegin, Arantzamendin eta Lizarrusti/Aitsu bitartean
daudenak: Berrenoa, Igartza, Intsusburu, Balenkaleku, Larreluze,
Argonitz, Muñaan, Urrezuloko Armurea, Atxurbi, …
|