:: ATAUNGO EUSKARA
Ataun, Gipuzkoako Goierrin kokatua, herri euskalduna dela ez dago
zalantzarik, bertako euskara, gipuzkeraren barruan sartu behar dugu,
baina mendebaldeko euskalkien ezaugarriak ere baditu, eta ez gutxi,
zenbaitetan bi euskalki edo horien ezaugarriak elkarrekin bizi direlarik.
Baieztapen honek ez gaitu harritu behar; izan ere, kontuan hartu behar
dugu, batetik, kokapen geografikoa, Nafarroako mugan eta hor korridore
handia zabaltzen da, Arabaraino, eta, bestetik, bertako biztanleek
historian zehar Nafarroarekin izan duten harreman estua.
Esan berri dugu gipuzkera dela, nagusiki, bertako hizkera, goierrikoa,
baina, hala ere, baditu bere berezitasunak, alboko herrietako hizkerarekin
eta herrian bertan. Kanpotik ikusita bitxi samarra badirudi ere,
batez ere herrian bertan horrelako aldaketak izatea, herria nolakoa
den; hau da, orografia eta abar, kontuan hartzen badugu, hori ere
normaltzat hartu behar dugu. Kilometro dezente dago auzo batetik
bestera, garai bateko komunikazioak ez ziren gaurkoak, bizimodua
ere ez, eta horrek, jakina, berezitasunak sortzen ditu. Aipatu ditugun
alde horiek, Goierriko gainerako herriekiko aldeak, nagusiki doinuan,
aditzean, deklinabidean eta lexikoan ematen dira, egia esan gero
eta gutxiago, eta gero eta gorago joan behar da, geografikoki nahiz
adinean, horietaz guztietaz jabetzeko. Honek ere badu bere azalpena,
egun komunikazioak askoz era hobeak dira, bizimodua aldatu egin
da..., eta ondorioaz, lana dela, ikasketak direla... askoz ere gehiago
ateratzen da jendea kanpora, urte gutxiren buruan belaunaldi berriak
galtzen ari dira oraindik urte asko ez dela hain nabarmenak ziren
ezaugarri edo berezitasun horiek, baina, neurri handi batean bizitzako
legea horixe da.
Hori tristea bada, are tristeagoa da, Ataunen, lagun, senide eta
abarren artean erabiltzen dugun hitanoaren galera, bereziki emakumeen
artean, mutilek eusten badiote ere, neskek ez, oso gutxi dira, adin
jakin batetik beherakoak tratamendu hori erabiltzen dutenak, arrazoiak,
gainera, ez du inolako funtsik, agian, lagun artean zuka erabiltzea
dotoreagoa eta finagoa irudituko ote zaie gure herritarrei?.
Ondorengo azalpen honetan ez gara xehetasun edo ur handiegietan
sartuko eta hainbat puntu, joskera, lexikoa... jorratu gabe utziko
ditugu, batetik, oso luze joko ligukeelako, eta, bestetik, orri-kopurua
ere handiegia izango litzatekeelako; beraz, gure iritziz ezaugarri
nabarmenenak erakustearekin konformatuko gara. Beraz, irakurle,
onena hemen irakurri duzuna, berriro diogu oso azterketa xume eta
azalekoa, eta beste bitxikeria asko zeure belarriez entzun eta gozatzea
izango duzu.
Ea ez ditugun herriko hizkera eta batua nahasten eta geure artekoan
herrikoari, etxekoari, albait ondoen eusten diogun. Hala bedi!
|