Udaletxea berritzea aurreikusten zuen proiektua orain dela 19
urte inguru idatzi zen. Proiektu horretan lanak 3 fase edo alditan
egitea aurreikusi zen eta lehen fasea, teilatua eta ganbara
egitea, 1984 urtean egin zen; bigarren fasea, gainontzeko barruko
lanak, 1988 urtean hasi eta 1990 urtean bukatu ziren eta 3.
fasea egiteke gelditu zen.
3. fase honi heltzeko garaian, Udaletxea, herritar guztiak
inolako arazorik gabe hel zitezen moduan jartzea, hau da,
irisgarritasun (akzesibilitatea) osoa izateko moduan jartzea
eta San Martinen herriko komunen beharra izan ziren kontutan
hartu ziren ideia nagusiak. Eta hori horrela izanik, bi ideia
horiei erantzuna emango zion proiektua egiteari ekin zitzaion.
Udaletxea herritar guztiak heltzeko moduan jartzeko igogailu
bat jarriko da, behetik ganbararaino iritsiko dena, eta Udaletxeko
sarreran zeuden bi eskailera mailak ere kendu egingo dira,
behe solairuko zorua beherago eramanez. Modu honetan, gurpildun
aulkian dabiltzanak ere ez dute inolako eragozpenik izango
Udaletxeko edozein aretotara iristeko.
Bestalde, garai batean alhondiga eta noizbait herriko komunak
izandako lekuan, berriro ere herriko komunak egingo dira.
Hauek ere kanpotik barrura sartzeko inolako koska edo eskailera
mailarik gabe, eta gaur egun irisgarritasun arauek ezartzen
dituzten baldintzak betez, edonork izan dezan komun hauek
erabiltzeko aukera.
Proiektuaren aurrekontua 229.690 eurotakoa da, eta proiektua
lehiaketara atera ondoren, Construcciones Trati, S.L.ri esleitu
zitzaion. Lanak 2002ko abenduan hasi ziren eta 2003ko apirilerako
amaituta izatea aurreikusten da.
|