Ekimen ezberdinak biltzen ditu egitasmo honek. Horien garapena
zertan den azaltzen da ondorengo lerroetan. Etxebizitzak
San Martingo erdigune den Bikario-etxetik Artzubira bitartean
etxebizitzak egitea da helburua. Barne Erreformarako Plan
Berezia onartu zen lehenik, urbanizazio proiektua ondoren
eta birpartzelatze proiektuak gero.
Jabekide eta sustatzaile ezberdinen arteko negoziaketak
luzatzen ari zirela ikusita, Udala bera hasi zen lehen pausoak
ematen, aukera hau aurreikusia bai zegoen Plan Berezia onartu
zenean.
Lehen lehenik, bertan alokeran bizi zirenei beste bizileku
batzuetara joateko aukerak eskaini eta beraiekin hitzarmenak
izenpetu ziren. Hau egin eta gero, botatzea aurreikusten zen
etxe bakoitzaren balioa ordaindu zitzaion jabe bakoitzari.
Gastu hauei aurre egiteko, unitate horietan jabekide bakoitzak
duen portzentajearen arabera diru-ordaina egin zezaten eskatu
zien Udalak, eta horrela bideratu da.
Orain berriz, Urbanizazio lanekin hasi da Udala. Artzubitik
Bikario-etxera bitarteko bi gune horietan, etxeak egiten hasi
aurretik egin litezkeen urbanizazio lanak egingo dira. Deialdi
publikoa egin eta gero Construcciones Iparragirre-ri adjudikatu
zaizkio lan hauek. Lehen fase honen aurrekontua 109.630 eurotakoa
da eta jabekideek ordaindu beharko dute dagokien portzentajeen
arabera.
Honekin batera, Paskual iturritik Juanikoenea bitartean
espaloi bat eraikiko da, gaur egun etxe-ateek errepidera ematen
dute eta. Honen aurrekontua 52.460 eurotakoa da.
Lan hauek egin eta gero etxebizitzen eraikuntzarekin jarraitzea
da helburua.
Uholdeetatik
babesteko egitasmoa
Herritarrok ikusi ahal izan duzuen bezala, San Martingo
auzunea uholdeetatik babesteko obra-lanak amaitzear daude.
Agauntzak 220 m3/segunduko ur jaitsi zezakeen lehen zegoen
moduan, eta orain berriz 315 m3/segunduko. Modu honetan nabarmen
jaitsi da San Martingo auzunean genuen uholde arriskua.
Aipatzekoa da, egin diren zubi berriak bai ingeniaritza
eta baita arkitektura aldetik ere erreferente direla.
Obra lan hauen aurrekontua 2.189.250 eurotakoa zen eta obrak
amaitu eta likidapena egitean jakinaraziko da zenbateko kostea
izan duten.
Mediku
etxetik Intxaurrondora bide berria
Mediku etxetik Intxaurrondora bitarteko bidea eta azken
honen ondoan autoentzako aparkalekua martxan dira. Injelan
etxeak egin zuen proiektua eta beraren zuzendaritzapean Contrucciones
Donostik egin ditu obra-lanak, hau izan bai zen Udalak eginiko
deialdira aurkeztu zen enpresa bakarra. 406.499 eurotan adjudikatu
zitzaion eta 412.644 eurotan likidatu da, izan diren ezusteko
batzuk direla medio.
Kostu honi proiektu erredakzio eta zuzendaritza, lur erosketa
eta antzeko koste batzuk gehitzen badizkiogu, ekimen honen
koste osoa 536.380 eurotakoa izan da. Honi aurre egiteko Europear
Batasunetik 225.000 euroko dirulaguntza jasoko du Udalak Foru
Aldundiko Ekonomia Saila bitarteko.
Bide berri honen helburua ez da errepide nagusia ordezkatzea,
baizik eta Intxaurrondo eta Ubarrieta bitartean bizi direnek
autoz sarrera-irteerak herriko plazatik egin ordez Mediku
etxe eta Ubarritik egitea. Horrela posible izango da, San
Martingo plaza berriro herritarron elkargune bilakatzea, orain
30 urte zen bezala.
Altzanipe
eta Lizardi inguruan aparkalekuak
Gune honetan bidea nahiko estu gelditzen da autoak bi aldeetan
aparkatuta egoten direnean. Lehen egin ziren urbanizazio proiektuetan
mendi aldea aparkaleku bezala aurreikusi ez bazen ere, egunerokotasunak
horren beharra badela erakutsi du. Horri irtenbide bat eman
nahian, Altzanipe eta Lizardi parean mendiari zati bat jan
egingo zaio bertan autoek ilaran aparkatu ahal izateko. Lan
hauen aurrekontua 30.000 euro ingurukoa da.
|