Aurrez ezagutzen den bezala, Udalak, K6 eta Xabide enpresei
agindua zien Joxemiel Barandiaran ardatz hartuta egin asmo den
interpretazio zentroaren proiektua. Urtebete luze lanean aritu
eta gero, 2002ko abenduan aurkeztu zuten proiektua Udaletxean.
Proiektu hau egiterakoan, bai taldeka eta baita banaka ere,
gaiarekin zerikusia izan zezaketen elkarte eta pertsona ezberdinekin
izan dira elkarrizketak, gero proiektua egiterakoan iritzi ezberdinak
kontutan izateko ahalegina egin delarik.
Joxemiel Barandiaranen irudia, nortasuna, lanak eta horrek
euskal kulturaren azterketan izan duen garrantzia berreskuratu,
aintzatetsi eta ezagutaraztea izango da egitasmo honen zeregina.
Hori guztia, ikuspegi abangoardista eta unibertsalarekin egin
nahi da, betiere Ataungo garapena modu jasangarrian eta herritarren
partaidetza oinarritzat harturik, Ataun ezagutzera emateko
helburuarekin.
Gainera, inguruko sektore turistikoari bultzada bat eman
nahi zaio, honek ekonomiaren garapenean berebiziko garrantzia
izango duela uste baita. Horrela bada, turismoaren eta kulturaren
alorrean politika integrala egin nahi da.
Kultur proiektu dinamikoa, garaikidea, herriarekiko lotua
eta parte-hartuzkoa izatea da helburua. Apustua joera berrietara
irekita egongo den zentro bat sortzea da. Zentro hori, bere
esparruan erreferente dibulgatzaile eta zientifikoa izatea
da helburua.
Bi jarduera-eremu izango ditu egitasmo honek. Bata zientziaren
eremukoa, ikerketan oinarrituko dena, zehazki ikerketa antropologiakoan,
etnografikoan... betiere euskal kultura ardatz nagusi hartuta;
eta bestea, dibulgatzailea, hedatzailea... aisiaren eta hezkuntzaren
ikuspegitik kultur turismoa hedatzea izango du helburu, kultur
eta natur baliabideetan oinarrituta eta batez ere Joxemielek
horrenbeste landu zuen euskal mitologia jorratuz.
Kokamen fisikoari dagokionean, Murkondo auzoa izango da
erdigunea, Ataun eta Aralar bere osotasunean jorratuko badira
ere. Sara etxea bere horretan errespetatuz, alde batetik harrera
gune eta erakustoki izango den interpretazio zentro izateko
Aldakotxo baserria eta bere ondoan eraikiko litzatekeen eraikin
berri bat planteatzen dira. Bestalde, ikerketa gune Larruntza
errota egokitzea proposatzen da. Horrez gain, Murkondo auzoko
eremu ezberdinak gaikako parke bat eratzeko proposatzen dira.
Proiektu honetan, zentro honen kudeaketarako Fundazio bat
sortzea proposatzen da, osaketa eta antolaketa irizpide batzuekin.
Era berean bai eraikuntza eta baita kudeaketaren azterketa
ekonomiko bat egin da, bertan ekimen honek urtean 21.464 bisitari
izan ditzakeela aurreikusi delarik.
Proiektua bere osotasunean gauzatzeak 7.104.697 euroko aurrekontua
izango luke, baina begi bistan da, hau faseka burutu beharko
litzatekeela eta finantziazio iturriak lortzen diren heinean.
Proiektua aurrera eramateko 5 urtetako plangintza bat proposatzen
da, eta Udalak 2003an proiektua bera zabaldu, honen inguruan
ahalik eta adostasun handiena lortu eta finantziazio iturriak
lortzen hasteko asmoa agertu du.
|