Duela urte batzuk San Gregoriotik San Martina bitartean Herribide
Zaharra berreskuratze lanak egin ziren. Geroztik ibilbide honek
erabilera handia izan du, eta horrek bultzatu du Udala, auzoz
auzo oinezkoentzat ibilbide bat izateko helburuarekin jarraitzera.
Oraingoan,
Ergoienatik San Gregoriora eta San Martindik Umarkiko zubiraino
(Lazkaoko muga) bitarteko proiektuak egin dira Basoinsa enpresaren
bitartez. Gune gehienetan lehengo bideak galduta badaude ere,
proiektua egiterakoan lehen zirenak berreskuratzeari eman
zaio lehentasuna, eta arrastorik ez edo akzesibilitate egokirik
ez den tokietan erreka ondoan bide berriak egokitzea proposatu
da.
Ergoienatik
San Gregoriora bitartekoak 1.833 metro ditu eta errekaz mendebaldetik
joango da ibilbide guztian. Ergoienako zubitik, Urbitarte
sagardotegi atzetik, Gomensorosaletxeko zubitik, Iturritzako
zubira, eta handik presa ondotik San Gregoriora lehengo bidearekin
lotura eginez. San Martindik Umarkira bitartekoak berriz 1.330
metro ditu eta Urkiola ingurura bitartean errekaz mendebaldetik
joango bada ere, hemen ur-neurketarako estazioan dagoen zubia
gurutzatu eta ondoren errepidea ere gurutzatuta, honen ekialdetik
Umarkira joango da, hemen Lazkao erdigunetik datorren ibilbidearekin
lotura eginez.
Ergoienatik San Gregoriora egokitzearen aurrekontua 98.196
eurokoa da eta San Martindik Lazkaorakoarena 64.713 eurokoa.
Honi proiektuaren erredakzio eta zuzendaritza lanak gehitu
behar zaizkio eta nola ez, lur-zoru eta bertan diren zuhaitzen
erosketa.
Udala Ergoienatik San Gregoriora bitartekoarekin hasi da,
hau bideratutakoan San Martindik Lazkaora bitartekoari heltzeko
asmotan. Lehenik lur jabeekin adostasuna lortu eta ondoren
obra-lanekin jarraituko da. Obra lanak adjudikatzeko deialdi
publikora bi enpresa aurkeztu ziren, eta proposamenik onena
Koldo Kerejeta S.L.rena izanik, berari adjudikatu zitzaizkion
lanak eta dagoeneko horretan dihardu.
|