Ez dakigu Ataungo herriak noiztik duen bere artxiboa. 1650ekoa da gai honi buruz hitz egiten duen lehen agiria. Bertan, Martín de Imaz, alkateak, Juan de Barandiaran eta Juan de Auzmendi erregidoreek eta Juan de Auzmendi sindikoak hartutako erabaki baten berri ematen da. Honen bidez Ataungo Artxiboan zeuden paper eta objektuen inbentarioa egin behar zela erabakitzen dute. Izan ere, agiri eta gauza asko desagertu omen ziren eta aurrerantzean egingo ziren “negozio eta okasiotan” behar izanez gero Artxiboa egoki antolatzea komeni zela adierazten dute. Artxibo hau San Martin parroki elizako sakristiako kutxa batean zegoen gordeta, hiru giltzapean , eta hauek Ataungo Udaleko agintarien esku zeuden. Udaleko alkatea eta erregidoreak aldatzean ondorengo agintariei artxiboko objektuak, paperak, inbentarioak eta giltzak ematen zizkien kargua hartzen zutenei. Honela egiten zen XVIII. mendean eta baita XIX. mendean ere.
Ataungo herriaren garapenaren arabera, Artxiboa ere handitzen joan da eta garai bakoitzean inbentario desberdinak egin dira, gehienei orriren bat falta zaie ordea.
Agian, interesgarrienetarikoa Joan Arinek egindakoa dugu, XX. mendearen lehen hamarkadetan burutua. Guztira 744 agiri zenbatu zituen. Badirudi Joxemiel Barandiaranek aholkatu ziola ekimen hau egitea, Don Juan Txikik bere ikerketetarako jorratu zituen agiriei oinarrizko erreferentzia egin ziezaien.
XX. mendearen bukaeran, ordurako Artxiboa S. Martin elizako koruan zegoen , Ataungo Udalak ahalegin bereziak egin zituen Artxibo hau zenbatu eta taxutzeko. Inbentario orokorra 80ko hamarkadan egin zen Patxi Etxeberria eta Josune Zalduaren eskutik; 90eko hamarkadan Patxi Etxeberria, Maite Segurola, Iñaki Imaz eta Iñake Barandiaran lan desberdinetan aritu ziren.
2005. urtean Ataungo Udalaren eta Donostiako Gotzaindegiaren arteko akordio bati esker Artxiboa berriro katalogatu eta digitalizatu egin zen, José Angel Garroren zuzendritzapean, eta horretarako Donostiako Elizbarrutiko Artxibo Historikora eraman zen. 2006ko azaroaren 30eko gutun baten bidez Juan María Uriarte Gotzainak Artxiboaren titulartasuna Ataungo Udalari eman zion. Azkenik, 2007ko maiatzaren 4an Artxiboa Ataungo Udaletxera ekarri zen.