KAXIORI OMENALDIA
 
KAXIORI OMENALDIA 2013-04-14
 
Eluska Aierbek hitza hartuko du Ataungo Udalaren izenean.
 
Kaixo herritar, ezer baino lehen eskerrik asko gaur gurekin batera Kaxio omentzera etorri izanagatik.
Nik 23 urte ditut, beraz ez nuen Kaxio ezagutu. Geroztik eta bereziki zinegotzi sartu nintzenetik kontatu dizkidate bere gora beherak.
Gaztetatik herriaren alde lana egiteko konpromiso irmoa hartu zuen eta asmo horretan zebilela zoritxarreko istripu batea hil. Edozein herritarri gerta dakioke noski, baina herriko alkate zen garaian gertatu izanak, bestelako izaera bat ematen dio gertaerari.
25 urte luze pasa dira gertaera hura izan zenetik, eta Udal bezala orain arte oroitu izan ez bada ere, ez dugu ahaztuta eduki Kaxio, horren adierazlerik argiena ni neu naiz, bera hil zenean jaio gabe egonda ere, Kaxioren berri gertutik jaso dut eta horrek zerbait esan nahi du. Gogoratzen garela Kaxiotaz alegia.
Orain, eta herritar talde batek eta familiak eskatuta, 25. urteurrena delako omenaldi bat egitea erabaki dugu, oroitzea eta errekonozimendu bat egitea.
Berak zituen ametsak pixkanaka betetzen doaz, eta berak bultzatu zituen zenbait proiektu jada aspaldian martxan dira. Asko omen zituen, proiektu asko buruan, baina ba omen zen bat bereziki bultzatzen zuena. San Martindik hasi eta San Gregorio bitarteko oinezko ibilbidea. Hura martxan jarri arteko onik ez omen zuen, eta ez noski gaur dagoen bezala, baina bi auzoak lotuak utzi omen zituen. Urtero auzolanean garbitu eta txukun mantentzeko gai ginela adierazten omen zuen, eta baita egin ere, urteetan auzolanean garbitzen zen bide hori. Ez zen ordea bere burugogorkeria izan, herritarrek bere egin zuten proiektu hau eta ondorengo korporazioek ere proiektu horrekin aurrera egin dute txukundu eta luzatuz.
Garai artan, Kaxioren lankide eta taldekideek, ibilbide honi bere izena jartzea eskatu zuten, ez zen onartu.
Gaur 25 urte beranduago, bere lagunek, gauza bera eskatu digute berriz ere, ibilbideari, Kaxio izena jartzea.
Guk eta herritarron aurrean, konpromisoa hartzen dugu, eskaera hori martxan jarriko dugula. Kaxio ikur bihurtu da dagoeneko, eta guretzako ere ikur bat izango da, Udalean herriaren alde lana egin duen ororen ikur. Kaxio bezala, herriaren alde lana egin duen oro gogoratuko dugu hemen pasatzean, hori izango da gure proposamena.
Aurrerantzean, hemen dabilenak jakin dezala, Kaxio nor zen eta zer irudikatzen duen, bera bezala borondate osoz Udalean herriaren alde lan egiten duen oro. Kaxiori bezala denei eskerrak eman nahi dizkiegu gaur, gure artean daudenei eta dagoeneko gure artetik desagertuak direnei. Baita aurrerantzean lan honetara hurbilduko direnei ere, “herri honek merezi du”, hala esaten omen zuen Kaxiok eta hala diogu guk ere.
25 urte herriaren gogoan iraun badu, memoria badugula esan nahi du, ez dezagun galdu, oroitu dezagun urte luzez, eta kontatu, niri Kaxio nor zen  kontatu didaten bezala, kontatu, Errepublika egunez bere 25. urteurrena ospatu genuela,hil berria den  Chavezen ordez Maduro Venezuelako presidente aukeratu zuten egunean, 23 urte besterik ez zituen zinegotzi batek irakurri zuela Udalaren agiria. Erreala Rayoren aurka ari zen bitartean, hemen omenaldian egon zinetela, nahi duzuen bezala baina oroitu!!
Eskerrik asko etorri zareten guztioi. Eskerrikasko Udalaren izenean baina baita Kaxioren lagun eta familiaren izenean ere.
Orain, Herri Antzokian DVDa ikustera gonbidatzen zaituztegu.


Más Noticias
Portada